San Martin trikuharria J. M. Barandiaranek eta D. Fernández Medranok aurkitu zuten 1956ko apirilean Biasteritik oso gertu, Gasteizerako bide-ertzean, hain zuzen. Geroago, 1964an, indusketa-lanak hasi zituzten Juan María Apellanizekin batera 1964ko uztailean eta abuztuan (ondoko argazkian Barandiaran, Apellániz eta Medrano trikuharria konpontzen). 21 gorpu aurkitu zituzten eta hainbat aztarna garrantzitsu: kobrezko sastakaia, kanpai formako zeramika, txorten eta hegal puntak, hezurrezko botoiak, espatula-idoloak… Hilobiaren ondoan txabola edo mahastizaintzarako etxola txiki bat dago, Arabako Errioxako landa arkitekturako tipikoa dena, trikuharriaren tumulukoak ziren harriz egindako kupula aizunez estalia.
Gerora ere, beste arkeolo batzuek jardun dute ikerketa lanetan eta beste asko izan dira bertan trikuharriaren garratziak erakarrita. J. Fernández Eraso eta J.A. Mujika EHUko irakasleak izan dira azkenetakoak Arabako Errioxako trikuharriak aztertzen. Erasok berak 2021eko urtarrilean Arabako Errioxako blogean ondoko gogoetak egin zituen San Martin trikuharriaren kontura: “Indusketa-lanetan aurkitutako aztarnen artean, badira ahuntz tibia-hezurrez egindako espatula-idolo modukoak (emakume itxura duen espatula-idoloa ere tarteka); horiek San Martin trikuharrian aurkitutako gainerako aztarnek baino 1.000 urte gehiago dituzte. Aipatu espatula-idoloak mila urtez zainduko ote zituzten gerora trikuharrian abandonatzeko? San Martin trikuharria aurretik egongo zen antzinagoko hilobi baten gainean eraiki ote zuten? Bertakoentzat toki sakratua edota berezia ote zen?”.
Trikuharriak bertako toponimoa jaso zuen izentzat, inguruak San Martin baitu izena. Euskaldunok ondo ezagutzen dugu gure mitologian nolako garantzia duen “Martin Txikik”, izan ere, Jentilei gariaren ereintza eta burdingintzaren sekretuak “ostu” omen zizkien. Hala jasotzen zuen José Miguel de Barandiaranek gure Euskal Herrian aspaldi zabaldutako kondaira batean:
Aspaldian Muskiako koban Basajaunak bizi omen ziren. Han inguruko mendialdeko lurrak erabilita, sekulako garitza biltzen omen zuten. Behealdean, ibarrean, kristauak bizi omen ziren, eta artean ez omen zuten garirik ereiten, gari-hazirik ez zeukatelako.
Behin San Martin Txiki oinetako handiak jantzita, igo omen zen Muskia mendiko kobara, eta hango gari-piloak ikusita, basajaunekin egin zuen apustu gari-meten gainetik salto egin zezakeela.
Basajaunek beren aldiko kemenean jardun omen zuten. San Martin Txiki, berriz, gari-piloen erdira erori omen zen, baita abarkak gari-alez bete ere.
Gero, handik alde egitean, San Martin Txiki bere etxera zihoala, basajaun bati bururatu omen zitzaion hark botinetan gari-haziak zeramatzala, eta hortaz aizkora txikia hartu, eta bota omen zion, baina ez zuen hura harrapatu. Kristauek ez omen zekiten garia noiz erein, baina halako batean baten batek basajaun bati aditu omen zion nola algaraz esaten zuen:
“Ja jaaai! Balekite, hartuko lukete: orri irtete, arto egite; orri erortze, gari egite; eta San Lorentzotan arbi egite”.
Oso aspaldikoa, bai horixe!
Luis Miguel Martínez-Torres EHUko geodinamika irakasleak zera zioen San Martin trikuharriaren kontura “Diario de Navarra” egunkarian 2018ko otsailean:
“Harriz egindako munduko eraikuntzarik zaharrena Turkian dago, Göbekli Tepe tenplua, hain zuzen; 11.500 urte ditu, alabaina, Araba ez da atzean geratzen. San Martin trikuharriak 6.900 urte inguru ditu, Maltako Neolitiko tenpluak (Ggantija-k, 6.000 urtekoak) baino zaharragoa, beraz. Ondoen kontserbaturik dagoen munduko harrizko eraikuntzarik zaharrenetakoa dugu San Martin, Turkiakoak bakarrik gainditua”.
