Bai, hainbestetan espero genuen hitzordua izan zen, azkenik. La Paul urmaela Biasteri inguruan dago. Carralogroño, Carravalseca eta Musco aintzirekin biotopo babestua osatzen du 1996 urteaz geroztik. Hitzaldia iragan ekainaren 13an izan zen Gartzeta Etxean (egungo turismo-bulegoa). AFAko Ondare-natural Zerbitzuko Marta Olalde Fernández eta Gorka Lago Parra teknikariek hitzaldia eman zuten maisuki. Biasteriko Adiskideen Elkarteak antolatu zuen urtean zehar izaten dituzten “Biasteriko gertaerak” izeneko hitzaldi zikloen barruan.
La Paul urmaela 2021ean lehortu behar izan zuten etengabeko hondatzea pairatzen ari baitzen. Erabaki latza bezain traumatikoa izan zen, alabaina, guztiz beharrezkoa. Espezie inbaditzaileak zeuden tarteko, hala nola Amerikako karramarro gorria (procambarus clarkii) edota zamo arrunta (cyprinus carpio), segurutik gizakiak berak ekarriak. 15.181 karramarro hartu zituzten eta milaka zamo zein zamo-txiki. Era berean, zenbait hobekuntza egin ziren urmaelan: sasitza kendu, irla artifizialak osatu eta egurrezko zutabeak ezarri txoriak pausatzeko nahiz habiak egiteko.
2022an espezie inbaditzaileak kentzen eta lehortze lanetan jarraitu zuten. Era berean, zuhaitz aloktonoak moztu eta bertakoak landatu. Horien egurra baliatu zuten ugaztunentzako aterpeak egiteko, batik bat.
Bi urtetan oso negu epelak izan genituen; gaur egun, berriz, urez beterik azaltzen da urmaela, eta aldaketa nabarmenak antzematen dira: landaredia izugarri dibertsifikatu da, hegazti negutarrak ugaldu dira eta urlehortarren presentzia nabarmena da. Horrez gain, bisoi europarra (mustela lutreola), galzoriko espeziea berau, bada gurean, eta hori sekulako altxorra da, alajaina.
Olalde eta Lago ederki aritu ziren hitzaldian zehar, eta agerikoa zen urmaelarekiko zuten estimua. Ezinbestekoa dugu egunez egun borrokatzea eta dibulgatzea, ingurumenak etorkizuna izango badu. Hitzaldira bertaratutakook pozik eta itxaropentsu geratu ginen. Eskertzekoa eta txalotzekoa da Biasteriren Adiskideen Elkartearen ahalegina; zalantzarik gabe ekimen paregabea, garaiz iritsi dena, batez ere hainbat hilabetetan urmaelaren egoeraren berririk izan gabe egon ondoren.
Ondoko dokumentuan Martak eta Gorkak erabili zituzten diapositibak ikusgai; tartean gure ohar txiki batzuk ere badaude.
