Aitzindariak

2009ko uztailean Mantible aldizkariaren proiektuari ekin genion. Garbi genuen zenbat eta nolako atalek banatu behar zuten argitalpena. Azken atala, bukaera alderakoa, euskaltzale edota aintzindariei eskaini genien. Bertan euskararekin harremana izan zuten hainbat pertsonen biografiak azaltzen ziren; haietako asko ez ziren Euskal Herrikoak, alabaina, euskararen inguruko ikerketa-lan bikainak egin zituzten.

Lehenbiziko ale hura Luis Luciano Bonaparteri eskaini genion, Napoleon I.aren ilobari, eta gogora ekarri nahi izan dugu.

Louis-Lucien Bonaparte Bleschamp, printzea

Euskaltzale eta hizkuntzalari ingelesa (Thorngrove, Ingalaterra, 1813 – Fano, Italia,1891), Napoleon I.aren iloba. Ingalaterran jaio zen aita han preso zuen garaian; Waterlooko batailaz geroztik (1815) familiarekin batera Elizaren Estatuan bizi izan zen. Hainbat arlotan ikasketak egiteaz gain, Europa osoan, Amerikan eta Euskal Herrian ibili zen mineralogia, kimika eta hizkuntzalaritzako ezagutzak zabaldu eta sakontzeko asmoz.

Hizkuntzalaritzari buruzko lehen liburuan, euskarari eman zion lehentasuna (1847). Politika-munduan ere jardun zuen, Carlos Luis Bonaparte lehengusuak (Napoleon III),  Frantziako enperadoreak,  bultzatuta (1848). Batzar Legegilean Korsikako senatari izan zen (1852); orduan, lehengusuak printze egin zuen.

Londresen Anton Abadiarekin izandako harremanetan jaso zituen euskarari buruzko lehen berriak, eta orduan ekin zion euskarari buruzko ikerketari. Euskal Herritik at euskarak izan duen ikertzaile eta sustatzaile garrantzitsuenetakoa izan zen. Euskararen ikerketa interes zientifiko hutsez hasi zuen, baina gero Euskal Herriarekiko interesa ere piztu zitzaion.

Euskal dialektologiaren lehen ikerketa zientifikoa egin zuen; berak mugatu zituen lehenbizikoz euskalkiak (8 euskalki bereizi zituen: bizkaiera, gipuzkera, lapurtera, Hegoaldeko goi-nafarrera, Iparraldeko goi-nafarrera, Ekialdeko behe-nafarrera, Mendebaldeko behe-nafarrera eta zuberera). Euskalkiak eta euskararen hedapena mapan kokatuz Deux Cartes des sept Provinces Basques (1869) egin zuen. Ingelesaren dialektoei buruz aspaldi hasitako ikerketari ekin zion berriro (1883). Hil ondoren, euskal gaiei buruzko haren eskuizkribuak R.M. Azkuek erosi zituen; egun Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Arabako aldundietan daude.

Luis Luciano Italiako Fano hirian zendu zen 1891eko azaroaren 3an.