Iratiko Oihana Europako bigarren pagadi handiena da, mendeetako zuhaitzen labirinto berdea, non eguzkiaren argia doi-doi iristen den lurreraino. Zaharrek diotenez, haren sakonera zeharkaezinetan Basajaun bat baino gehiago bizi dira, Basoko Jaunen komunitate oso bat.
Oihanetik gertuko larreetara beren artaldeak eramaten zituzten artzainek Basajaunen txistu bereizgarriak entzuten zituzten zuhaitzen adaburuen artean. Txistu luze batek ekaitza hurbil zegoela esan nahi zuen; bi motzek otsoak ardiengandik gertu zebiltzala; hiru bizkorrek gizakiak eremu sakratura hurbiltzen ari zirela.
Horrela Basajaunek elkar ohartarazten zuten, gizaki batek ere profanatu behar ez zuen antzinako lurraldea atsedenik gabe zainduz. Oihana haien etxea zen antzinatik.
Zortedun batzuek Basajaun bikoteak haien kumeekin ikusi dituztela diote, iratze erraldoien artean jolasten ziren erraldoi iletsu txikiak. Oihana errespetatzen zuen edonor onartzen zen haren mugetan. Baina baimenik gabe zuhaitzak botatzen zituena edo animaliak jostatezko akabatzen zituena oihanaren mugetaraino jazartzen zuten, eta han txistu-hotsak mehatxu beldurgarri gisa entzuten ziren.
Testua lurkaia.com web orritik hartua eta moldatua / Ilustrazioa Raquel Alzate
