Bilarren, nonbait

Ondoko testua Toño Gainzarain (Bilar) lagunak idatzitako ipuinetako bat da. Asmo ederrez hornitutako proiektua da, eta erabat altruista. Proiektua bestelako kontakizunek osatzen dute haurrei zuzendua, alabaina, helduek ere berebiziko garrantzia dute; izan ere, elkarri eragitea da helburuetako bat.

Gaztetxoei natura, ingurua eta ahaztutako kultura hurbiltzea da xede nagusia. Laboreak, zekalea, begiztak, igitatzea… Itxuraz zaharkitutako hiztegiak egundoko garrantzia du kontakizunetan. Kontakizunok naturarekiko errespetua, usadioak, soroak, ingurua, lurra… nabarmendu nahi dituzte.

Lehenbiziko ipuin hau argitaratu dugu egilearen onespena izan ondoren; espero dugu zuei ere irakurketa argigarria eta atsegina izatea.

Herrerías kaleko Basoco-a

Bilarreko zaharrek diote etxeek bertan bizi izan zirenen oroimena gordetzen dutela, baina antzinagokoa den bestelako oroimena ere badela: zuhaitzen oroimena, izan ere, haien zuraz etxeko ateak, habeak, altzairuak eta bestelakoak egiten dira.

Gure herriko Herrerías kalearen erdialdean, bazen etxe berezi bat. Aurrealdea karrerape batzuek babesten zuten; karrerapeak egurrez egindako zutabe batzuek osatzen zituzten. Udaberrian, euria zenean, aterpe; negu minean, elurtean, babestoki; uda garaian, eguzki-galdatan, lasaitu ederra; udazkenean, berriz, tira, aurreko horien guztien apurtxo bat.

Etxe hartan Basoco-a zen andere bat bizi omen zen. Ia egun osoa begiztak egiten ematen zuen; begizta horiek igitariek egindako labore-sortak lotzeko baliatzen zituzten nekazariek.

Segurutik, irakurle, hitzen bat edo beste arrotz samar gertatu zaizkizu, ezta? Galdetu, bada, aiton-amonari. Horien esanahia azaldu ez ezik, igitatzen aritzen zireneko pasadizoren bat ere kontatuko dizute.

Basoco andrea aparta zen istorioak eta ipuinak kontatzen, eta ohikoa zuen haurrez inguraturik egotea; haurrok belarriak erne egoten ziren andrea kontu-kontari zebilen artean… Ipuin eta istorio andana kontatu arren, ez zion begiztak egiteari sekula uzten.

Behin batean, begiztak egiteko zekale-lastoa uretan sartzen ari zela, Basoco-a labaindu egin zen. Erorikoa saihestu eta hortzak ez galtzearren, etxeko atariko egurrezko zutabeei gogor heldu zien eskuak bustita zituela. Orduan, bertan zeuden haurrek zutabeon adabegietatik hosto itxurako kimu berde txikiak eta ezkur ñimiño zenbait atera zirela ikusi zuten harrituta. Andreak irritxoa egin zien deus gertatu ez balitz bezala. Eskuak lehortu zituen mantalarekin, eta erdizka utzi zuen istoriari ekin zion berriro.

Haurrak etxeratu egin ziren jakin-min handiz eta begiak galderez beterik. Haien artean hizka-mizka sutsuki ibili eta gero, biharamunean andrearen etxera bertaratzea erabaki zuten; eurak ez zeudenean andreak zertan ote ziharduen jakin nahi zuten.

Etxeko atea akaziazkoa zen, segurutik garai batean herria inguratzen zuten akazia batez egindakoa. Bi orriko atea zen, eta burdinazko sarraila handia zuen goiko aldean; behealdean, berriz, katazuloa.

Biharamunean, Bilarreko haurrak goiz altxatu ziren, eta hotsik egin gabe andrearen atearen aurrean bildu ziren. Haur garaienek sarrailatik zelatatzea erabaki zuten; txikienak, aldiz, etzan, eta katazulotik begira geratu ziren. Handik etxeko gela nagusia ikusten zuten, eta, jakina, Basoco anderea. Haurrok harrituta zera ikusi zuten: emakumeak atzamarrak busti zituela tu eginez. Ondoren, etxearen goiko partera zihoan egurrezko eskubanda laztandu zuen eskuaz. Eta hara! Berriz ere egurraren adabegietatik zenbait hosto eta ezkur txiki erne zirela ikusi zuten.

Ontziteria gordetzen zuen egurrezko altzairu txikiarekin gauza bera egin omen zuen. Umeek esan zuten aiton-amonek bilobak laztantzen dituzten bezala egiten zuela andreak, eta altzairua ferekatu bezain laster, hostotxoak berpiztu egiten zirela.

Txunditurik bezain urduri ziztu biziz abiatu ziren gurasoei ikusitakoa kontatzera. Gurasoek lasaitu egin zituzten Basoco emakumea zela esanez, eta, ziurrenik, bere benetako familiaren hutsa sumatzen zuela, basoa, alegia. Segur aski egurra ferekatzen zuenean, ama laztantzen zuela irudikatuko zuen; ama pago handi bat zen, zeinaren azpian iturritxo bat iragaten baitzen.

Iturri honi Bilarren eta inguruetan “Fuentelaya” esaten diogu. Aizu, proposatu aiton-amonari bertara eraman zaitzaten zurrutada bat ur garden eta freskoa hartzeko. Horrela, agian, Herrerías kaleko Basoco anderearen ama ezagutzeko parada izango duzu.