Historia
Arabako Errioxan helduentzako euskara klaseek 1978an izan zuten hasiera, euskaltegia 1983an sortu bazen ere. 1989ko ekainean IKAS ETA ARI (IKA) sarea sortu zen eta bertan koordinatzen da Arabako Errioxako eta Bianako euskaltegia harrezkeroztik. Urte horretan erabilitako matrikulazio kanpainako leloari zor dio sareak izena: “Euskaraz, Ikas eta Ari”.
Izenak, IKAS ETA ARI, ederki laburbiltzen du gure helburua eta metodogia: euskaraz ariz ikastea eta euskaraz aritzeko ikastea. Bizitzako esparru guztietan euskaraz egiteko gauza diren euskal hiztunak lortzea baita gure xedea, eta horretarako, ikasleak lehenbiziko egunetik euskaraz egitera bultzatzen baititugu.
Irakasleok argi dugu hizkuntza ikastea ez dela hizkuntza edukiak pilatzea, hizkuntza irakatsi baino gehiago ikasi egiten dela, irakasle orojakilearen azalpen magistralek baino garrantzi handiagoa dutela ikasleari bere ikasestiloa aurkitzen laguntzeak, ikasestrategiak garatzen laguntzeak, esaterako, edo, bere buruari helburuak ezarri eta hauek ebaluatzen laguntzeak…
Bost irakaslek osatzen dugu euskaltegia, ikasle kopuru eta ordutegien arabera irakasle gehiago ere aritu arren eskolek dirauten bitartean. Batez beste 20 urtetik gorako eskarmentua duten irakasleak aurkitu ditu euskaltegian euskal hiztun bihurtzeko bidean izena ematen duenak.
Bide hori errazteko ekitaldi ugari antolatzen du euskaltegiak urtero-urtero, ikasgelatik kanpo ere euskaraz aritzeko aukera emanez. Ikusi agenda. Lauzpabost herritan aritzen garenez eta herriren batean talde bakarra izaten denez, ekitaldiotan eskualdearen ezaugarriek eragindako dispertsio eta isolamendu sentsazioa gainditzeko aukera izaten dute ikasleek; gainera, ikasle ohiekin eta euskaldunekin hartu-emana izaten dute.
Azkenik, Tiki-ttaka aipatuko dugu, eskualdeko ikastolek eta euskaltegiak gidatutako euskara elkartea. Arabako Errioxako eta Bianako euskaldunen bilgune izatea eta erabileran aurrerapausuak ematea ditu helburu.