Europako txoririk txikienetakoa dugu txepetxa (troglodytes troglodytes), 10 zentimetro eta 10 gramo inguru dituena. Oso ezaguna euskaldunontzat, antzinako ipuin eta kondairetan sarri aipatzen baita. Gorrizka da, moko fin eta zorrotzekoa. Buztan laburra dauka, gehienetan zut-zut daramana. Txori ausart eta urduria, baina gizakiongana hurbiltzeko beldurrik ez du. Horregatik, sarri ikusiko dugu gugandik gertu, xomorro, larba eta bestelako ornogabeak ehizatzen.
Ikusi ez ezik, entzun ere erraz egingo dugu hain bereizgarri duen kantu ozen, landu eta errepikakorra. Izan ere, Euskal Herriko (eta Europako) txoririk txikienetakoa izan arren, tenore bikaina da. Txorrotxio ahaltsu eta luze ahantzezina du, eta ezkutaleku batetik bestera abiatzen denean ere, etengabe aritzen da kantuan.
Txepetxa, hegaztien errege ttipia
Kondairaren arabera, txepetxa hegaztien erregea da. Hegaztien arteko lehia batean, arrano baten gainera igo, eta ia eguzkiraino iritsi zen (arranoa atzean lagata). Harrezkero, hegaztien errege ttipia da, “erregepettitta”. Halaxe jaso zuen R. M. Azkuek idatzitako “Euskalerriaren Yakintza” liburuan (1935), Nafarroa Beherean jasotako kontakizun honetan.
Xoriak elgarretarat bildu ziran erregeren autatzeko eta elgarrekin erabaki zuten gorenik igaiten zena errege izanen zela. Abiatu zirenean pettitterrege arranoaren gainean yarri zen. Laster xori guztiak, arranoa salbu, akiturik erori ziren. Hori ikustearekin arranoak egin zuen bere baitan eta gero erran ere bai: “Ni nauk errege”; eta beheiti abiatu zen. Orduan pettitterrege egaldatu zen eta hura bezik zeru-gainean ezpitzen, orok erregetzat hautatu zuten.
Pedro Mari Otañok Txepetxari egindako bertsoa (1894)
Askotan esan izandu dute gizon ikastun argiak
nola piztiak izan litezken gure erakuslariak:
erlea da bat aipatzen dana, o zer lan harrigarriak
jartzen dituzten gure aurrean honek eta txingurriak!
Txepetxak berriz erakusten du hainbeste nola haik biak.
Euskal lurreko txorietan dan txikitxoena da bera,
gaztain kolore bakarrekoa, nahi bada ez da ederra;
begi argiak, buru xanpala, moko ttenttea aurrera,
gorputza motxa, hanka laburrak, xaltokako ibilera,
xalapartako hegalaria eta kantari ergela.
Txotx batek aisa jasoko luke nola karga gutxi duan,
baina gustatzen zaio jartzea adar sendoxeagoan;
amildu arren ez leike galdu dakielako hegoan,
baina arkitzen baldin bada ere burnizko aldamioan,
hiru-lau aldiz xanpatutzen du seguru ote dagoan.
Udaberrian lehendabiziko kabia txepetxarena
azaldutzen da, eta ezaguna: goroldiozkoa dena;
arbol gerrian huntza tartean du lekurik maiteena,
ta gizon askok ikusitzean irispidean dagoena,
esan ohi dute: «Zer konfiantza txori txar honek duena!»
Ta edozeinek esan lezake, berari begiratzean,
arretarikan ez dadukala egin leioken gaitzean;
ez-idurian hark kabiari beste zuloa atzean
egiten dio, handik joateko aurrekoa tapatzean,
erakutsiaz pentsa zagula nola atera sartzean.
Txoriak.eus web-orrialdetik hartua eta moldatua.
